Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUMek Santiago Sierraren NO, Global Tour erakusketa aurkeztu du.

otsaila 25, 2011

Kolore beltzeko NO erraldoi batek lehen munduko botere gune eta bizileku eta industriaguneetan zehar egin duen bidaia dokumentatzen duen pelikularen mundu mailako estreinaldia (arte gune batean) egingo da Zentro-Museoan

Ekialde Behekoa aretoan, 2011ko otsailaren 26tik maiatzaren 1era
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Francisco Javier San Martín, Pilar Villela Mascaró eta Christian Domínguez
Inaugurazioa: otsailaren 25ean, ostirala
NO, Global Tour pelikularen mundu mailako estreinaldia erakusketa gune batean. 18.00etan, ARTIUMen Emanaldi aretoan
Jarraian, Santiago Sierra-ren performancea erakusketa aretoan
Erakusketa irekitzea: 20.00etanhoras
Artelanaren edizioa: NO (burdin urtua, Arial tipografia, 250 mm gora eta 45 mm lodi). Edizioa: 50 ale zenbakitu.

prentsa oharra

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Santiago Sierraren erakusketa aurkeztu du (Ekialde-Behekoa aretoan, 2011ko otsailaren 26tik maiatzaren 1era). Bertan, Mexikon bizi den madildar artistak 2009an tamaina handiko NO beltz bat, kamioi baten plataformara igo eta bidaia bati ekin zion unetik aurrera garatu duen proiektua egongo da ikusgai. Bidaia horrek boterearen gune garrantzitsuetara eta mundu garatuko bizileku eta industriagune degradatuetara eraman zuen, Europan, Estatu Batuetan, Kanadan eta Japonian zehar. Erakusketak katalogoa du, beti bezala, eta Francisco Javier San Martín, Pilar Villela Mascaró eta Christian Domínguez dira testuen egileak. Erakusketa inauguratu aurretik pelikula proiektatuko da, Berlinale-n estreinatu zenetik lehen aldiz, eta Santiago Sierrak performance bat egingo du.

Santiago Sierrak (Madril, 1966) 2009ko udan ekin zio NO, Global Tour proiektuari: Italiako Lucca-tik atereaz, kolore beltzeko NO erraldoi bat, lau metro zabal eta hiru metro gora, lehen mundu esaten zaionaren hamarnaka hiritan zehar ibili zen urtebete baino gehiagoz kamioi baten plataformaren gainean. Santiago Sierraren NO orokorrak, Javier San Martínek katalogoan dioen eran, «ukapen sakonagoa egiten du: zaila da azaltzea, eta ezinezkoa zehaztea. Hobetzeko asmoa eta itxaropenaren lilurakeria hutsala ukatzen ditu, sinesmenak bertan behera uzten ditu. […Sierrak…], EZETZAren bidez, zero itxaropenaren estetika sortu du, Estatuak biztanleria kutsatzeko erabili ohi dituen amets txiki eta etorkizun-iragarpen ugariak salatzeko».

Santiago Sierraren NOak ia urte eta erdiz bidaiatu du Europako, Estatu Batuetako, Kanadako eta Japoniako hiri batzuetan eta besteetan zehar. Ibili horretan botere ekonomikoko zentroak bisitatu ditu, esate baterako Wall Street eta Rockefeller Center, eta baita politikoak ere, esate baterako, NBEaren eraikina edot Europar Batasunak Maastricht-en duen egoitza; bizileku eta industriagune degradatuak ere bai, esate baterako Alemaniako Errepublika Demokratiko ohiko meatzeak edota garai batean aberatsa izandako Detroit; botere erlijiosoaren ikonoak, esate baterako Lourdes-eko Santutegia, eta luxuzko turismoarenak ere bai, adibidez Mongecarloko Jauregia eta Kasinoa; petrolio findegiak, arma fabrikak…

Sierrak NO esan zien, orobat, kulturarekin eta artearekin lotutako zenbait gertaerei ere, esate baterako Torontoko Nuit Blanche delakoari, Washington-eko  Katzen Arts Center delakoari, New Yorkeko Performa 09 jaialdiari, Madrilgo ARCO 2010 azokari, Aichiko hiru urtekoari Japonian eta Carrarako 2010 urteko Nazioarteko Eskultura Bienalari ere. Azken horretarako NO berezi bat sortu zuen, marmol zuriz egina, aurten ARTIUM Bildumaren parte izatera igaro dena.

Erakusketa
NO, Global Tour Vitoria-Gasteizko ARTIUMera iritsi da orain. Zentro-museoaren kanpoko aldean, fatxada nagusi zurian, bidaia horren protagonista den NO beltz handia kokatu da, eta Ekialde Behekoa aretoan erakusketa bat antolatu da. Aretoan sartzean, ikusleak ikusten duen lehendabiziko gauza Sierrak Carrarako Bienalerako egin zuen marmolezko NOa da. Baina materialaren lerro zehatzak eta araztasuna, eskulturaren tradizioan behin-betikoaren paradigma, desitxuratu egingo da pieza objektu organiko eta formagabe bihurtuko baita Santiago Sierrak erakusketaren inaugurazioa dela eta egingo duen performancean emango dion baselina geruza oparoari esker.

Aretoaren barruko bigarren esparru baten alartzean kokatzean, bisitariak lurra eta hormak estaltzen dituen NO erraldoi bat irudikatzen duen anamorfosi bat (begiratzen zaion tokiaren arabera, irudi itxuragabe eta nahasia, edota erregularra eta bukatua ikusten den margolan edota marrazkia) ikusiko du, toki horretatik baizik ikusi ezin daitekeena. Aretoa zeharkatzean zinema areto txiki batera iritsiko da, azkenean, eta han, aurtengo Berlinalen estreinatu zenetik lehen aldiz, bisitariak NO, Global Tour pelikula ikusi ahal izango du, halako road movie minimalista, eskulturaren bidaia dokumentatzen duena. San Martínek dioen eran, «Eskultura, filmaren ardatza, […], azaltzen ez den plano askotan, kamara subjektibo gisa diharduela ematen du, […]. NOak […] giza alineazioa, tokien azalkeria, ekonomia-sistemaren zorigaitza eta gizarte-erakundearen amarrukeriak agerian [uzten ditu]».

Aretotik irten eta berriz anamorfosia zeharkatuz, ikusleak 20 argazkik osatutako sorta bat ikusi ahal izango du, NOa protagonista izan den agertoki batzuk eta besteak erakusten dituena. Erakusketa honen katalogoa ARTIUMek eta Ars Cameralis Superioris-ek (Poloniako Silesia Garaiko Arte Jaialdiaren antolatzailea) argitaratu dute elkarlanean.

 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |