ARTIUMek Gauerdia hirian taldeko erakusketa aurkeztu du
urtarrila 27, 2011
Erakusketa hau gaua bizitzeko eta interpretatzeko modu batzuen eta besteen inguruko gogoeta da, nazioarteko hamabost artistaren argazki, instalazio eta bideoen bidez
Iparra aretoan, urtarrilaren 29tik martxoaren 27ra
Komisarioa: José Miguel G. Cortés
Ekoizleak: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz) eta Centre d’Art La Panera (Lleida)
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Daniel Castillejo eta Gloria Picazo, José Miguel G. Cortés, Joan Nogué eta Manuel Segade
Lotutako jarduerak: Gauerdiko topaketak mahai ingurua. Parte hartzaileak: José Miguel G. Cortés, Azucena Vieites eta Carles Congost (urtarrilaren 28an, ostirala, 22.30ean)
prentsa oharra
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Gauerdia hirian erakusketa aurkeztu du (Iparra aretoan, 2011ko urtarrilaren 29tik martxoaren 27ra), hiriko gauari nola begiratu eta gaua nola bizi jakiteko proposamen ugari egiten dituena. Hamabost artistak –tartean Nan Goldin, Ignasi Aballí, Carlos Garaicoa, Massimo Vitali, Félix González Torres, Carlos Pazos eta Juan Pablo Ballester daudela–, gauak hiriaren geografia, pertzepzioa eta esperientziak aldatzen dituen moduaren lekukotza damaigute. Argazki, bideo, instalazio eta lan grafikoekin batera nobela zatiak eta pelikulen fotogramak egongo dirai kusgai José Miguel G. Cortés-ek komisariatu duen eta Vitoria-Gasteizko ARTIUMek eta Lleidako Centre d’Art La Panerak elkarlanean ekoitzi duten erakusketa honetan. Erakusketaren inaugurazioa 28ko gauerdian izango da, eta aurretik mahai inguru bat egingo da, komisarioaren eta Carles Congost eta Azucena Vieites artisten parte-hartzearekin.
Gauerdia hirian erakusketan ikusizko artisten lanak, nobela zatiak eta pelikulen fotogramak daude nahaste, gauaren iluntasuna heltzean hiria zer bilakatzen den ikuspegi ahalik eta zabalena emateko. Litezkeen ikuspegi guztien artean, helburu turistikoa duen mintzaldi ofiziala alde bat utzi eta erakusketak arreta berezia eskaintzen die gauzale eta iniziatuen istorio gutxi edo aski ezkutuari eta iluntasun kezkagarria eta segurtasun eza nagusi diren aldirietako auzoetako kale eta plazei. Hori da, esate baterako, Gregory Crewdson-en Dream House (2002) serieko argazkien gaia, eta baita Begoña Zuberoren Cas & Gas serieko argazkiena edota Ergin Çavusoglu-ren Impasse (2003) eta Midnight Express (2008) bideoena ere: ezagunak gertatzen zaizkigun, baina indarkeriazko egoerak gertatzen ari direla edota gerta daitezkeela dirudien inguruetako irudiak eta hotsak.
Bestalde, inguru publikoak ez dira berdin ikusten eta esperimentatzen egunez eta gauez, eta horrela, fikzioak eraikitzeko aproposak dira. Hori gertatzen da Juan Pablo Ballester-ek (En ningún lugar seriea, 2002) hiriaren aurka jarri dituela dirudien gazteekin, eta baita Carles Congost-ek (The revolutionary I, 2004 eta Tonight’s the night, 2003) sortu dituen mundu irrealeko pertsonaiekin ere.
Ezezaguna, beldurra ematen duena, gatazkatsua
Baina erakusketaren katalogoan José Miguel G. Cortés-ek dioen eran: «gaua, gehienbat, ezagutzen ez denarekin, beldurra eragiten duenarekin, gatazkarekin, erakartzen gaituen baina, aldi berean, beldurra diogun guztiarekin lotzen da oraindik». Horrekin lotzen dira, esate baterako Carlos Garaicoaren arkitektura hauskorrak (Nuevas arquitecturas o una rara insistencia para entender la noche, 2000), Félix González Torres kubatarraren Last night (1993) instalazioa, eguneroko bizitzaren hauskortasuna aipagai duten piztutako bonbilla kordak. Erakusketan ikusgai dagoen beste artelan historiko batekin ere gauza bera gertatzen da, Nan Goldin-en The ballad of sexual dependency (1981-2000) diaporamarekin, hain zuzen ere. Ia 700 diapositibako seriea da, etxeko autobiografia bat, pertsonen arteko harremanen alderdi ilun eta gogorrenak erakusten dituena.
Emakumearen ikuspuntutik ere heltzen zaio gauari Gauerdia hirian erakusketan, esate baterako, Azucena Vieitesek (Reclaiming the night, 2010 eta Un cambio de forma, 2005) eta Carmela Garcíak (Escenarios seriea, 2007) gaueko eremuez gehienbat gizonek egiten duten jabetzearen aurkako protestarekin. Beste ikuspuntu batetik egiten du, berriz, Alicia Framisek, gaua arriskuaren eta babesgabetasunaren sinonimo gisa irudikatzen duen Cinema Solo (1997) instalazioarekin.
Gaua, gaiztakeriarako aukerako gune gisa agertzen da Ignasi Aballíren Sinopsis II (2009) lanean, baina baita horren aurka hartzen diren neurri elektronikoak ere (2005eko 0-24 h bideoan). Hori dela eta, iluntasuna desagerraraztea eta gauaren eta egunaren arteko muga lausotzea nahi du botereak, eta hori ikusten da Jean Marc Bustamanteren argazkietan (Lumière seriea, 2003), ez baitago egunez edo gauez egin diren, eta ezta barruan edo kanpoan ere.
Azkenik, gaua nagusi den ordenari aurre egiteko erresistentziaren sinbolo gisa eta talde-zeinu berriak sortzeko une egoki gisa ere aipatzen da gaua, musikaren eta gaueko kontzertuen bidez, bereziki. Sail honetan Carlos Pazos-en Music, martinis and memories (1995) instalazioa, unibertso pertsonal bat aurkezten duena, eta Massimo Vitaliren Benicàssim arctic dipthyc (2007) argazkia, gauaren erdian egiten diren argi eta soinuzko ikuskizun jendetsuen izaera ia erlijiozkoa nabarmentzen duena, aipa daitezke.
Volver al listado