Berriak

Berriak

   Minimize

Robert Waters-ek oroimena berreskuratzeko sendagela bihurtuko du ARTIUMeko Praxis gunean

urtarrila 27, 2011

uncover RECOVER erakusketan, kanadiar artistak sendabelarrak landatu ditu gerra zibilean eraildakoen hobi komunetako lurrean

Iparra aretoan, 2011ko martxoaren 14 arte
Komisarioa: Blanca de la Torre
Ekoizlea:  ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Erakusketaren liburuxka (fanzinea). Irudiak: Adrian Vander-en  Las enfermedades y su tratamiento por las plantas liburutik hartuak eta haietan inspiraturik Robert-ek marraztutakoak. Blanca de la Torre-ren testua
Aranzadi Elkartearen laguntzarekin

Robert Waters-en Web gunea

prentsa oharra

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Robert Waters artista kanadiarra aurkeztu du Praxis programaren uncover RECOVER izeneko proposamen berri batekin (Iparra aretoan, martxoaren 14 arte). Waters-ek sendaleku bihurtuko du ARTIUM, oroimena berreskuratu eta indartzeko leku, bereziki. Bertan, gerra zibilean eraildako hobietatik ateratako lurrean sendatzeko gaitasuna duten landareak aldatuko ditu. Blanca de la Torrek komisariatu duen proiektu honek, programa honetan ohi den bezala, fanzine bat izango du lagungarri. Horretarako Waters-ek irudi sail bat sortu du, medikuntza naturaleko liburu tradizionaletan inspiraturik. ARTIUMeko Praxis proiektuetan artistak protagonismo handiagoa hartzen du, jendearen aurrean garatzen baitu bere proposamena.
Robert Waters-ek diseinatu duen Praxis-en guneak hasiera batean egongela txiki bat dirudi eta, bertan, atseden hartzeko eta lasaitzeko gogoa ematen du denak. Uraren hotsa, tradizioz sendatzeko gaitasunarekin lotu izan dena, argazkiak (ARTIUM Bildumakoak), mahaitxoak eta besaulkiek, une batez atseden hartzera gonbidatzen dute erakusketaren dokumentazioa irakurri bitartean.
Bien bitartean, gelaren atzealdean, mahai luze baten gainean ilaran dauden landareontzietan, tradizioz sendatzeko gaitasuna egotzi izan zaien era askotako landareak hazten ari dira. Waters-ek berak ereindako hazietatik sortu diren landareak dira, eta haien artean, oroimena berreskuratzeko edo indartzeko gaitasuna dutenak ugariak dira. Berezitasun bat dute, gainera,  izan ere, Aranzadi elkarteak  hustu dituen gerra zibilean eraildakoen hobi komunetatik hartutako lurrean hazten ari dira.
Robert Waters-en proiektuak lotura estua du Walt Whitman-en Leaves of Grass poema liburuarekin.  XIX. mendean ordura arteko poesiarekiko etena ekarri zuen zentzumenen eta naturaren ospakizunagatik eta erlijioarekin, filosofiarekin eta zientziarekin loturiko ideiak nahasten zituelako. Bilakaera eta naturaren eraginez gertatzen den gauzen eraldaketa  ere uncover RECOVER erakusketaren oinarrian daude:  Ipara aretoko «mintegian» gerraren eromenaren ehundaka, milaka biktimen heriotz mingarriak aberastutako lurrean hazten ari diren landareek osatzen dute bizitzaren zikloa.
Robert Waters-en proposamena, era berean (erabilitako lurraren jatorria eta hazitako landare aldaerak direla eta) oroimen ekintza bat da, ahaztutako biktimekiko eta haien familiekiko ordaintza. Aretoan eskura dauden dokumentuen artean, erabilitako lurra hartu den isilpeko ehorzlekuak non dauden adierazten duen mapa bat dago. Baina ikusleekiko begirune keinu bat ere bada, aldi berean, bisitaren erdian atseden hartzeko toki bat aurkituko baitu, eta nahi izanez gero, infusio bat prestatu eta edan ahal izango du.
uncover RECOVER-en inguruan, Praxis-en proiektuetan ohikoa denez, fanzine bat argitaratuko da. Bertan, Blanca de la Torreren aurkezpen testu baten ondoan Robert Waters-en irudiak egongo dira, XX. mendearen lehen erdian Adrian Vander sendagileak argitaratutako Las enfermedades y su tratamiento por las plantas. Tratado práctico de medicina vegetal para la eficaz aplicación de las plantas medicinales basado en las más modernas investigaciones, liburuan oinarrituak.
Robert Waters
Waters Londonen (Kanada) jaio zen, 1974an, eta Ontarioko baserri inguru batean hazi zen. 2007an Mexikora joan zen bizitzera. Ikusizko Arte ikasketak egin zituen Toronton. 2005ean egin zuen, hiri hartan, bere lehendabiziko erakusketa: Man. Ondoren, Mexiko hirian eta Londresen egin ditu erakusketak. Harrezkero Amerikako, Europako eta Asiako taldeko eta bakarkako erakusketak egin ditu.  2007an Kanadan (bere bigarren bakarkako erakusketa, Loincloth),  Danimarkan eta Mexikon egon zen bere erakusketekin eta 2008an ARTIUMek ekoitzitako Erabili aurretik astindu  erakusketan parte hartu zuen, Man-eko piezetako baten iraupen gutxiko instalazio batekin.
2009an Robert Waters-ek, berriz ere Toronton, bere hirugarren bakarkako erakusketa egin zuen, Shooter,  eta Cali Contemporáneo-n (Kolonbia) Dos maletas. Nada que declarar taldeko erakusketan parte hartu zuen. Urte horretan egin zuen bere lehendabiziko bakarkako erakusketa museo batean, Taparrabo, Mexiko Hiriko Ex Teresa Arte Actual. Asian egin duen lehen bakarkako erakusketa Tokyon izan zen, 2010ean. Bertan Man aurkeztu zuen.
 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |