Esther Ferrer eta Santiago Sierra arte plastikoetan sarituek ikusgai izango ditugu 2011n ARTIUMen
abendua 22, 2010
Zentro-Museoak 101.000 bisitarirekin amaituko du urtea, 2010eko aurrekontu bera izango du hurrengo urterako eta autofinantzatzea ehuneko 27ra igoko dela espero du
Arabako ARTIUM Fundazioaren Patronatuaren osoko bilkurakARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak 2011 urterako izango duen aurrekontua onartu du gaur goizeko bileran. Gasteiztar zentro-museoak 2010eko aurrekontu berbera izango du, urte horretan krisi ekonomikoa dela eta ehuneko 9ko murrizketa jasan zuelarik. Fundazioaren Patronatuaren osoko bilkurak onartu duen dokumentuan 2011n zentro-museoan egingo diren erakusketen programa jasotzen da, eta programa horretan duela gutxi Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso duten bi artista nabarmentzen dira: saria 2008an jaso zuen Esther Ferrer gipuzkoarra, eta 2010ean saritua izan den Santiago Sierra, sariari uko egin baldin bazion ere. Bideo-sorkuntzako erakusketa batek, Ángel Marcos-en erakusketa batek eta ARTIUM Bildumaren beste aurkezpen batek osatzen dute programa. Azken hori zentro-museoaz kanpoko komisarioek prestatuko dute lehendabiziko aldiz. Bestalde, 2010. urtea 101.000 bisitarirekin itxiko duela espero du ARTIUMek. Horrek ehuneko 4ko murrizketa suposatuko luke 2009. urtearekin alderatuz.
Arabako ARTIUM Fundazioaren Patronatuaren osoko bilkurak Malentxo Arruabarrena Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu berria eta Ramón Berriozábal Kultura zuzendaria onartu ditu Patronatuaren kide. Malentxo Arruabarrena, Fundazioaren Batzorde Betearazlearen lehendakaria izango da, gainera. Patronatuak bost milioi eguro inguruko aurrekontua onartu du Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museorako, ia 2010ekoa bera, % 0,6ko igoera izan baitu. Diru-sarreren % 53 Arabako Foru Aldundiak jarriko du, Eusko Jaurlaritzak % 12, Vitoria-Gasteizko udalak % 5 eta Kultura Ministerioak %3. Azkeneko honek lehendabiziko aldiz egingo du zentro-museoaren erabateko funtzionamendurako ekarpena. Gainerakoa, diru-sarreren % 27, hots 1.360.000 €, erakundeetatik ez datorren dirua da, hau da babesle pribatuek emandakoa eta baliabide berekietatik ateratakoa.
Osoko bilkurak onartutako dokumentuak joan den urrian indarrean jarri zen tarifa-taula berretsi du, hau da, 6 euroko sarrera arrunta, eta asteazkenetarako eta erakusketa bat inauguratu ondoko asteburuetarako, ikasle, langabetu eta pentsiodunentzako «Zuk nahi duzuna» izenekoa jasotzen dituena. Erakusketak ikusteko urteko txartelen programa ere berretsia izan da, haren emaitza aski ontzat jo baita. Programa honen helburua zentro-museoko bisitarien fideltasuna iristea da, urte oso batez nahi duten guztietan erakusketak ikusteko aukera emango dien txartel bat eskainiz. Leialtasun programa berri honen arrakastari, Kide Elkartuen zerbitzu ezagunarena gehitu behar zaio, sortu zenetik etengabe hazi baita. ARTIUMen kide elkartuak (beste zentro batzuetako museoaren adiskidearen parekoa) 800 baino gehiago izatera iritsi dira 2010ean, eta onartu den aurrekontuan 2011n 900era iritsiko dela aurreikusten da, ehuneko bederatzi gehiago.
Bestalde, aurrekontuak jasotzen duenaren arabera 2010. urtean egiten hasi zen ordutegiari eutsiko zaio, hau da eguerdiko orduetan museoa itxi egingo da eta ostiral, larunbat eta igande arratsaldean ordutegia luzatu egingo da. Era berean, 2009an eta 2010an izandako esperientziaren ondorioz, udazkeneko denboraldiko erakusketen inaugurazio bakarra egingo da. 2011n urriaren 7an izango da, ostirala, Esther Ferrer-en Lau mugimendutan erakusketarekin eta Ezagutza kokatuak izeneko ARTIUM Bildumaren aurkezpen berriarekin.
2011ko erakusketen egitaraua
ARTIUMen 2011n egingo diren erakusketen egitarauari dagokionez, duela gutxi Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi duten bi artistaren parte-hartzea nabarmendu behar da Esther Ferrer gipuzkoarra eta Santiago Sierra madrildarra. Azkeneko honek joan den azaroan sariari uko egin zionean eztabaida piztu zen artearen esparruan. Nolanahi dela ere, 2011ko programa Gauerdia hirian (Iparra aretoa, urtarrilaren 29tik aurrera) izango da 2011n inauguratuko den lehen erakusketa, Lleidako Centre d’art La Panera-rekin batera ekoitzia eta José Miguel G. Cortés-ek komisariatua. Erakusketaren xedea, gauak hiriari buruzko pertzepzioa eta esperientziak nola aldatzen dituen, haren geografia nola berriz marrazten duen eta metafora batzuke ta besteak nola berregiten dituen erakustea da, Ignasi Aballí, Alicia Framis, Nan Goldin, Carlos Pazos, Azucena Vieites, Begoña Zubero edota Massimo Vitali artisten ikuspuntua abiapuntu hartuz.
Santiago Sierrak NO, Global Tour aurkeztuko du Ekialde-Behekoa aretoan otsailaren 26tik aurrera. Lehen munduan zeharko bidaia da: tamaina handiko eskultura bat, N eta O hizkiek osatua, Europako, AEBetako eta Kanadako finantza barrutietan, industrialdeetan, langile auzoetan eta eraikin enblematikoetan barren aibili da kamioi baten plataformaren gainean. Erakusketan jatorrizko eskulturak egongo dira, biraren argazki sorta bat, 2010eko Carrarako Nazioarteko Eskultura Bienalerako sortuako marmolezko NO-a, eta gainera No, Global Tour pelikula, mundu mailan erakusketa honetan lehen aldiz ikusiko dena.
Apirilaren 21ean Video(S)torias inauguratuko da Iparra aretoan, azken berrogei urteetako espainiar bideo-artearen historia berrikusia, lau ardatz kontzeptualetatik abiaturik: tekné, hibridoak, politikak eta subjektuak. Erakusketan lau ibilbide eskainiko dira, bidea lurrean markatuta egongo da, metroko mapen tankeran, eta pieza bakoitzean geltoki bat egongo da. Taxuketa horri esker, ikusleak aukeran dituen lau ibilbideetako bat hautatu ahal izango du, ibilbidez aldatu edota ibilbide guztiak egin. Horrela, bidaiaren ideia iradokitzen da, espainiar estatuko bideo-artearen historian garrantzitsuenak diren lanetako batzuk ikusiz. Video(S)torias Bartzelonako Arts Santa Mónica-k eta ARTIUMek ekoitzi dute elkarlanean.
Plangintza eta estrategia (Sugandila buztanak) izeneko Ángel Marcos-en proiektua maiatzaren 21ean zabalduko da jendearentzat Ekialde-Behekoa aretoan. Marcos-en lanetan ohikoa den esparru kontzeptual zabalaren barruan, erakusketak era askotako norabideak eta ikuspuntuak izango ditu, eta horien emaitza argazki serieak eta objektu txit kokatuak izango dira, munduarekiko dugun eraginari berriz begiratzera gonbidatzen dutenak.
Esther Ferrer-en erakusketa, Lau mugimendutan (urriaren 8tik aurrera, Iparra aretoan) lau kontzepturen inguruan antolatzen da: denbora, infinitua, errepikatzea eta presentzia. Ideia horietako bakoitza hiru eratako lanen bidez garatzen da: bata, objektua da (argazkia, margolana edota beste era bateko arte objektua); instalazio bat, museoko aretoan berariaz egingo dena, bat edo beste lehendabiziko aldiz; eta, azkenik, performance bat (dokumentu izaera duten marrazkien, argazkien edota bideoen bidez irudikatua). Horrela, erakusketak Esther Ferrer-en lanaren alderdi guztiak ezagutzeko aukera emango du, bere ibilbide osoan zehar landu dituen gai garrantzitsuenak biltzen dituzten hamabi lan oso zehatzen bidez. Erakusketa hau ARTIUMek eta Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales delakoak ekoitzi dute elkarlanean eta Montehermoso Kulturunearen laguntza izan du. Montehermoson performance lantegi bat egingo da erakusketarekin loturik.
Urtero egiten den ARTIUM Bildumaren erakusketak zentro-museoaz kanpoko komisarioak izango ditu 2011n lehendabiziko aldiz. Ezagutza kokatuak izango da bere izena eta Santi Erasok, Mar Villaespesak eta BNV Producciones-ek prestatuko dute. Artelan sorta batez gainera, lan horiek egin zituzten artistek parte-hartze zuzena izango dute, zenbait gai jorratzeko, esate baterako, autoretza, originaltasuna, feministen gogoetabidea, artearen hizkuntza eta artearen eta museoaren eginkizuna.
Bestalde, Praxis-ek urte osoan zehar jarraituko du, bi hilabetez behin proiektu berri bat hasiko da eta artisten izena –euskaldunak, Estatukoak eta nazioartekoak–, proiektua hasi baino zertxobait lehenago jakinaraziko da. 2011ko lehendabizikoa Robert Waters artistak egingo du oroitzapen historikoarekin loturiko Uncover-Recover izeneko proiektuarekin.
Azkenik, ARTIUM Fundazioaren Patronatuari jakinarazi zaio zentro-museoak 2010. Urtea 101.000 bisitariekin ixtea espero duela, 2009ko kopurua baino zertxobait txikiagoa, orudan 105.000 izan baitziren. Bisitarien soslaiari dagokionez, esanguratsua da atzerriko bisitariak ehuneko 10etik 14ra igaro direla, eta Euskal Herritik kanpokoak ehuneko 25etik 27ra. Bestalde, arabarrak dira zentro-museora gehien etortzen direnak, % 41, ondoren bizkaitarrak datoz, % 14, eta gipuzkoarrak, % 10. Adinari dagokionez, 25-44 urte bitartekoak dira zentro-museora datozenak, eta generoari dagokionez, berriz, ez dago alde esanguratsurik.
Volver al listado