Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUM-ek Praxis proiektu berri bat aurkeztu du Avelino Sala artistarekin

urria 19, 2010

Artistak jendearen aurrean lan egingo du, ikuspuntu estetiko batetik arrazoibide totalitarioaren hustasunari buruzko gogoeta den Geldi! proiektuan

prentsa oharra

fanzine

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, Avelino Sala artista asturiarra aurkeztu du Praxis-en Geldi! izeneko proiektu berri batean. Salak totalitarismoen inguruan gogoeta egingo du benetako hitzaldi faxisten zatiak erabiliz osatutako alegiazko hitzaldi baten bidez. Erakusketa aretoko zoruan hizki handiz idatzi edo margotuko du horrelako hitzaldien hustasuna nabarmenduz. Blanca de la Torre komisario duen proiektu hau video-instalazio batek eta gerra ondoko argitalpen falangista baten formatua gogorarazten duen fanzine batek osatzen dute. ARTIUMeko Praxis proiektuan artistak presentzia eta protagonismo handiagoa du, bere proposamena jendearen aurrean eraikitzen baitu.

Avelino Sala (Gijón, 1972) Arte Garaikidearen Praktikan eta Kritikan lizentziaduna da Erresuma Batuko Brighton Unibertsitatetik. Bere ibilbide artistikoan erakusketa ugari egin ditu dagoeneko, bai bakarkakoak –El enemigo está dentro, Gijóngo Laboralean (2008) eta Hostil New Yorkeko Virgil de Voldère Galerian (2009)– eta baita taldekoak ere –Les Rencontres Internacionales Madrilgo MNCARSen, Videos Mace Tenerifeko TEAn (2009) eta abar. Baina gainera, Sublime aldizkariaren editorea da eta komisariotza lanak ere egiten ditu Commision taldearen bidez, zeinaren zuzendarikide baita. Eta orain Geldi! proposamena garatuko du Vitoria-Gasteizko arte garaikideko centro-Museoaren Praxis proiektuaren barruan.
Praxis-en ekintzetan gertatu ohi den eran, Avelino Sala areto huts batean hasiko da, eta jendearen aurrean garatuko du lana, azaroaren 23an behin betiko amaituko den «etengabeko bilakaerako ariketa». Artistaren lehen ekintza idaztea da. Salak aretoko zoruan asmatutako hitzaldi bat idatzi/margotuko du antzinako idazmakinen letra tipo klasiko handiak erabiliz, eta han hemenka europar faxismoaren irudi ospetsuak diren Francisco Francoren eta Benito Mussoliniren benetako hitzaldietako esaldiak tartekatuz.
Geografiari eta denborari dagokienez testuinguruz kanpo, mezu berri horrek hitzaldi totalitarioen erretorikaren hustasuna nabarmenduko du. Hain zuzen ere, azken urte honetan Erromako Espainiar Errege Akademiaren dirulaguntzari esker Italian bizi izan den Avelino Salak sakonki landu duen arlo bat da hori (Akademiaren egoitzan sinbolo frankista ugari dago oraindik). Salaren azken lanetan argi eta garbi aipatzen dira totalitarismoa, Erromaren iragan faxistaren oroitzapenak eta bi diktaduren arteko begien bistako antzekotasunak.
Textu lausotua
Idazten amaitu ondoren, bigarren ekintza ez dago egilearen mende: hórrela idatzitako hitzaldiak ARTIUMen bisitarien Joan etorria eta erakusketa aretoaren garbiketa lanak jasan beharko ditu. Testua lausotuz joango da pixkanaka pausoen eta garbiketaren ondorioz, eta ekintza sinboliko horrek zera nabarmenduko du, iraganarekin amaitu behar dela gertatutakoa ahaztu gabe.
Bideo-instalazio batek osatzen du Geldi!: aurrez aurre dauden bi pantailatan kantari berak bi ereserki faxista abesten ditu a capela: Cara al sol eta Faccetta nera. Abesteko era lirikoa da, Lieder klasikoen erara, militarra baino gehiago. Kantariak bere buruari abesten dio eta bi audioak nahastu egiten dira. Horrekin Avelino Salak totalitarismoen zentzugabetasuna eta endogamia nabarmendu nahi ditu, batzuk eta besteak zein antzekoak diren eta emozioak eta hitz lauak erabiliz propaganda egitea eta pertsonak manipulatzea zein erraza izan daitekeen.
Fanzinea
Praxisen aurkeztu diren beste proiektu batzuetan bezala, fanzine bat argitaratu da erakusketari lagun egiteko, eta diseinuaren estetika orokorra eta tipografia Los Pelayos izeneko haurrentzako argitalpenean bilatu da inspirazio iturria. Gerra zibilaren garaian eta gerra ondoan nagusi zen ideología falangistan doktrinatzeko egiten zen argitalpena. Erakusketari dagozkion testuekin batera, fanzinean jatorrizko aldizkarietatik (ARTIUMeko Liburutegian 40 ale daude) berreskuratutako zati batzuk agertzen dira.
Horrela bada, era guztietako mezuak dituzten binetak irakur daitezke: irakasgarriak («Márgarak, txikiena, gerra irabazten laguntzen du»), gerrazaleak («Sus! Piztia masondarrei»), beste batzuek, garaiko umorea islatzen dute, edota gerrako argazkiak («Gure errekete adoretsuak beren fusilak berrikusten borrokaren atsedenaldi batean»), irakaspen moralak («Odol orbanak: kotoiaren gainekoak xaboia igurtziz kentzen dira. Arimako orbanak: aitortuz eta penitentzia eginez kentzen dira») eta denbora-pasak. Berariaz egin den azken hauetako batek horrela dio: «Sor ezazu zure hitzaldia ondoko hitzak erabiliz: Aberria, Harrotasuna, Nazioa, Jaungoikoa, Bandera, Odola, Hostoria, Aintza».
ARTIUMen Praxis programa –Avelino Salak Iparra aretoan egin duen esku-hartzea sail horretakoa da– 2010eko urtarrilean abiatu zen, erakusketen programa osatzeko asmoz. Esperimentaziorako laborategi gisa sortu zen, eta bere ezaugarriek ekintza zuzenarekin eta do-it-yourself (zerorrek egizu) delakoaren ohiturarekin zerikusia dute. Oraingo honetan gertatzen den eran, Praxisen proiektu guztietan artistak lehentasuna du artelanaren aldean, eta sortzailearen protagonismoa askoz handiagoa da beste erakusketa-proposamen batzuetan baino. Praxisen barruan era askotako proiektuak sar daitezke, eta elkarrekin izan behar duten gauza bakarra joan den mendeko hirurogeita hamarretako punk mugimenduaren espiritu autogestionarioan inspiratuta egotea da. 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |