Denboraldi berria. ARTIUM Bildumaren aurkezpen berria: Ekintza errealetan oinarrituta
urria 01, 2010
Zentro-museoaren bildumako 90 lanek osatzen dute erakusketa, eta hau izango da asko eta asko ikusgai jartzen den lehendabiziko aldia
ARTIUM Bilduma. Ekintza errealetan oinarrituta
Hegoa aretoan, 2010eko urriaren 2tik 2011ko irailaren 4ra
Komisarioa: Enrique Martínez Goikoetxea
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Dokumentazio gunea: erakusketako artistei buruzko informazio gehigarria (aretoan bertan)
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak bere bildumaren aurkezpen berri bat eskainiko du Ekintza errealetan oinarrituta erakusketaren bidez. Laurogeita hamar artelan inguruk osatzen dute erakusketa, eta hau izango da asko eta asko ikusgai jartzen den lehendabiziko aldia. Erakusketak artearen kontatzeko gaitasuna aldarrikatzen du, eta artista askok posmodernotasunari darion nihilismoa gainditu eta «gauzak kontatzeko» aukera ematen dieten egiturak eta hizkuntzak berreskuratzeko duten borondatea. Alfredo Fermín Cemillán, Mintxo-ren artista liburu txikitik hasi eta Angel Mateo Charris-en margolan erraldoiraino, Ekintza errealetan oinarrituta erakusketa esparru batzuetatik besteetara igarotzen da ezarian-ezarian: autoerreferentziatik (bisitariek Bildumarekin lotuko dute, dudarik gabe), oraintsuko belaunaldietako artistek hizkuntza ahistorikoez egin duten berrikuspenera. ARTIUM Bildumaren aurkezpen honen komisarioa artatzailea bera, Enrique Martínez Goikoetxea, izan da, eta ARTIUMek ekoitzi du.
Mintxo Cemillán arabarraren artista liburu bat da Ekintza errealetan oinarrituta erakusketaren abiapuntua, eta ondoren, dagoeneko nahiko ezagunak diren ARTIUM Bildumako zenbait lan datoz: Miró (Femme dans la nuit), Joan Ponç (Equilibrio nocturno), Carlos Aires (Y fueron felices serieko izenik gabe bat) eta Pierre Gonnord (Delfín y Alicia 2). Ondoren datozen lanetan, artistak bere burua kontakizunean sartu du: Ana Laura Aláez (Itziar y Ana Laura), Zush (Think o Getsa), Manu Arregui (On My Own). Gero, artistak ingurua aztertzen eta dokumentatzen du: Isidro Blasco (IB208W 29 S-4), Txomin Badiola (La guerra ha terminado), Wang Qingsong (Poisonous Spider), Dionisio González (Jornalista Roberto Marinho).
Aretoa ilundu egiten da bisitaria alde introspektiboago batean barneratu ahala. Han disenua labirinto erakoa da, eta buruaren eta giza bizitzaren itzalak dira aipagai. Erlijioa, indarkeria, sexualitatea, politika dira ondokoen lanetan agertzen diren gaiak: Regina Galindo (Mientras, ellos siguen libres), Ángel Marcos (Los bienaventurados nº 6), Thomas Ruff (ry18), Marina Vargas (Anunciación), Mikel Eskauriaza (We will all die), Rogelio López Cuenca (Welcome to paradise) eta Simeón Sáiz (Civiles croatas asesinados por un comando). Ondoren, erakusketak kontakizun alaiagoak planteatzen ditu, esate baterako Montserrat Sotoren itsasoko argazkiak (Interior agua) edota Katie Patersonen bideo-instalazioak (Langjökull, Snefellsjökull, Solheimajökull), eta ezarian-ezarian narrazio orok duen errealitatearen eta fikzioaren arteko jokora iristen gara. Hemen bi instalazio aurkituko ditugu, Ulrich Vogl-en Fenster/Vitoria, eta Fran Meana-ren, Hacer que las plantas crezcan protegidas por su imagen, Victoria Diehl-en Vida y muerte de las estatuas serieko edertasun formal handiko bi lan eta Gert Voor in’t Holt-en paisaia irreal bat, Our lives.
Aretoaren azken aldera, artearen, kulturaren eta gizartearen hizkuntza historikoen bidetik jo duten artistei egin zaie lekua: Manu Muniategiandikoetxearen Rotchenko japonesa blanca margolanak konstruktibismoa du aipagai, Pepo Salazar-ren Biziak 2 instalazioak, situazionismoa eta punk mugimendua, eta Democracia taldearen bi serigrafiek 1968ko maiatzeko esloganak berreskuratu dituzte, baina arabiarrera itzulita («Askatasunak guztiontzat izan behar du, edota inorentzat ez» eta «Gora azpikoak»), besteak beste.
Ibilbidearen bukaeran Ángel Mateo Charris-en Jaulas rotas margolan erraldoia dago, oraindik ibiltzeko geratzen zaigun eta iraganeko esperientziaren eta jakitearen bizkar-zorroarekin heltzen diogun bidearen metafora. Lan horren ondoan euskarri teknologikoko bi lan: Antonio Orts (Flauta de estelas) y Rubén Ramos Balsa (Soplar).
Volver al listado