Denboraldi berria: ARTIUM-ek Aitor Lajarín-en From Here to Everywhere. Profiling Postcity erakusketa aurkeztu du
urria 01, 2010
Arabar artistak makro-hiri garaikideen fenomenoa eta hauen erronka urbanistiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertzen ditu erakusketan
Aitor Lajarín. From Here to Everywhere. Profiling Postcity
Ekialde-Behekoa aretoan, 2010eko urriaren 2tik 2011ko urtarrilaren 30era
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz)
Babesleak: Arabako Foru Aldundia, Vitoria-Gasteizko Udala eta Tubacex
Erakusketaren katalogoa. Testuen egileak: Félix Duque, Walter Nicholls eta Rubén Ortiz Torres
Dokumentazio gunea: artistari buruzko bibliografia eta informazio gehigarria (aretoan bertan)
ARTIUM, ArteGaraikideko Euskal Zentro-Museoak Aitor Lajarinen From Here to Everywhere. Profiling Postcity erakusketa aurkeztu du (Ekialde-Behekoa aretoan, 2011ko urtarrilaren 30 arte). Erakusketa horretan arabar artistak hirietako bizitza eta espazioa aztertzen ditu azken hamarkadetan mundu mailan gertatuz joan diren urbanizazio eta berregituratze prozesuekin lotutako alderdi garrantzitsuak abiapuntu harturik. Lajarinen Postcity hirigintza berria osatzen duten ezaugarri guztiak biltzen dituen fikziozko hiria da. Profiling Postcity erakusketaren inguruan eztabaidarako jardunaldi batzuk egingo dira hiri eredu berrien inguruan, eta bertan Jordi Borja hirigileak, Carlos Taibo idazleak eta Walter Nicholls soziologoak parte hartuko dute, besteak beste. Aitor Lajarin, berriz, Solasean programako saio baten protagonista izango da. Erakusketa hau ARTIUMek ekoitzi du eta Arabako Foru Aldundiaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Tubacex-en babesa izan du.
«Hiri-ondokoa»-ren soslai hori Aitor Lajarinek azken bi urteetan ARTIUMen dirulaguntza bati esker Los Angelesen izan duen esperientzian du jatorria. Kaliforniako hiria hiri garaikideek dituzten ezaugarri guztien bilduma gisa harturik, urbanizazio prozesuek eta eraldatze eta gatazka sozial, kultural eta ekonomikoek duten lotura nabarmentzen du batetik, eta urbanizazio prozesuek eta neoliberalismo, globalizazio eta posmodernotasun kontzeptuek dutena, bestetik.
Profiling Postcity erakusketak alegiazko hiri hori aurkezten du bi pieza nagusi abiapuntu harturik: izen bereko animazioko bideo bat eta Aitor Lajarinek pelikula egiteko sortutako objektuak erabiliz eraiki duen instalazio bat. Bideoan Lajarinek, dokumental bailitzan, hiriaren izaera eta osatzen duten elementuak aurkezten ditu: era bateko eta besteko auzoak, eraikinak, hiri eta komunikazio bilbeak, ibilgailuak, industrialdeak, merkataritza guneak, pertsonak, edozein hiriren alde distiratsuenak eta ilunenak. Animazioko lan horren ondoren, Postcity Commercial izeneko beste batek hiriaren irudi erakargarriena besterik ez du erakusten, edozein erakunderen publizitate-iragarkiak egingo lukeen eran.
Postcity Geography Lajarinek animazioko bideoetarako sortu zituen objektuekin egin duen instalazioa da. Laukietan banatutako oholtza baten gainean, eskalan egindako mapa baten laukiteria bailitzan, artistak Postcity-ren halako skyline delakoa eratu du: iragarki panelak, ibilgailuak, errepide sarerak, eraikinak… Haren itzala horman proiektatzen da, eta hala hiriaren soslaia argi eta garbi agertzen da ikuslearen begietan. Skyline horrez gainera, Lajarinek etxe-orratz bat irudikatzen duen eskultura bat kokatu du, agian munduko eraikin garaiena, antza denez, hiri garaikide orok beharrezkoa duen ikonoa. Artistaren esanetan, agian, horren atzean, hain mediatikoa eta ikonikoa ez den errealitate bat ezkutatzen da, duela gutxi Dubai-n gertatu den bezala.
Lan horien inguruan Aitor Lajarinek bideoak, collageak, neurri askotako margolanak eta eskulturak jarri ditu. Batzuek hiriaren bilbearen edota skyline delakoaren ideietan sakontzen dute. Erakusketaren hasieran dagoen eskultura batek mapamundi ez erabat esferikoa irudikatzen du, non hiri-bilbeak (hirien aireko argazki zatiak) itsasoa eta lurra estali duten. Margolan txiki batean emakume batek mundu bola hori bera du ahurraren gainean. Animazio lan batzuek eta besteek planetaren urbanizazio gero eta estuagoa dute aipagai.
Rubik-en kuboa hiri modernoen konplexutasunaren sinbolo gisa erakusketako pieza askotan agertzen da, hala bideo nagusian nola erdiko instalazioan, eta protagonismoa du, era berean, erakusketaren bukaeran ere: ebazpenik ez duen kuboa, koloretako azaleren ordez hiri bilbeen aireko irudi zatiak baititu. Nolanahi dela ere, Lajarinek megahiriez duen ikuspegia poliedrikoa da, ez nahitaez ezkorra. Interpretazio asko egiteko bidea ematen du, ezkorrenetatik hasi eta baikorrenetaraino.
Jarduerak
Jardunaldiak. Hiri konstelazioak: hiri eredu berri baterantz
Aitor Lajarinen erakusketak ikuspegi geografiko eta espazial batetik hurbiltzen digu hiri garaikidearen fenomenoa. Inguratzen gaituen hiri espazioari buruzko arrazoibide eta jarrera kritiko bat sortzeko asmoz antolatu ditu Zentro-Museoak jardunaldi hauek: era bateko eta besteko adituek ikuspegi batzuetatik eta besteetatik helduko diote hiriari.
Azaroaren 4an, osteguna: Jordi Borja. Geografoa, hirigilea, Universitat Oberta de Catalunya-ko irakaslea.
Azaroaren 11n, osteguna:: Carlos Taibo. Idazlea, Madrilgo Universidad Autónoman Politika Zientzia eta Administrazio irakaslea.
Azaroaren 18an, osteguna: Walter Nicholls. Soziologiako irakaslea Amsterdam-eko unibertsitatean. Aitor Lajarinen erakusketaren katalogorako idatzi du.
Azaroaren 25ean, osteguna: Vitoria-Gasteiz hiriari buruzko eztabaidarako saioa, bertako adituekin.
Emanaldi aretoan. 20:00etan
Aitor Lajarinekin solasean
Urriaren 7an, osteguna. 19:00etan
Plaza aretoan. Sarrera doan
Volver al listado