ARTIUM-ek musika, zinema eta dantza antolatu ditu uztaileko ostiral ilunabarretarako
ekaina 30, 2010
Ilunabarrean, Second, Boat Beam eta The Sweet Vandals taldeen kontzertuak, dantza garaikidea eta aire zabaleko zinema, DJ bat zuzenean arituko dela
Ilunabarrean
Uztaileko ostiraletan
Kontzertuak: uztailaren 2an, The Sweet Vandals (www.myspace.com/thesweetvandals); uztailaren 9an, Boat Beam (www.myspace.com/boatbeam); uztailaren 30ean, Second (www.second.es)
Dantza garaikidea: uztailaren 16an, Oina plazan. Dantzariak: Helena Golab eta Eneko Balerdi
Zinema: uztailaren 23an, Aurreneko aldian bezala (zinema dokumental, esperimental eta animaziokoaren altxorrak), DJ Gotxi zuzenean
Emanaldi guztiak 23.00etan ARTIUMen kanpoko aldean. Doan
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak uztaileko ostiral gauetarako aire zabaleko jarduera programa bat prestatu du: hiru kontzertu, zinema mutuko saio bat disko-jartzaile eta guzti, eta dantza garaikideko emanaldi bat. Musikak protagonismo berezia du, The Sweet Vandals-en jazz-funk-soul-arekin, Boat Beam-en pop alternatiboarekin eta Second-en rock-arekin. Kontzertu horien aldamenean, ARTIUMek dantza eskainiko du Helena Golab-en eta Eneko Balerdi-ren eskutik, eta aire zabaleko zinema saio bat, film laburren altxorrak –dokumentalak, zinema esperimentala eta animaziokoa– bilduz. Zinema emanaldian, gainera, DJ Gotxi arituko da zuzenean. Jarduera guztiak doakoak izango dira, ARTIUMen kanpoko aldean eta hamaiketatik aurrera.
Iaz bezala (orduan Udako bost gaueko ametsa izan zen programaren izena), musikaz, mugimenduz eta irudiz beteko ditu ARTIUMek uztaileko ostiralak, aire zabalean. Ilunabarrean uztailaren 2an hasiko da, ostirala, The Sweet Vandals taldearen kontzertuarekin. Kontzertu hau, gainera, Vitoria-Gasteizko Hirigune Zaharreko talde eta erakunde batzuen eta besteen artean antolatzen den Jazzaharrean programaren barruan dago. The Sweet Vandals soul-funk-eko boskote indartsua da, eta taldean nabarmentzekoa da Mayka Edjo kantari bakarlariaren ahots sendo eta txit pertsonala. Berlingo Soul Ascension Festival-en egin ziren ezagunak nazioarteko zirkuituetarako, eta bi iraupen luzeko disko dituzte dagoeneko kalean. The Sweet Vandals taldeak Europa osoko agertokietan jo du, Ingalaterratik hasi eta Alemania, Belgika eta Suitzaraino, eta beren musika publizitatearen munduan ere entzun da, bi multinazionalen iragarki banatan.
The Sweet Vandals-i Boat Beam hirukoteak jarraituko dio Ilunabarrean programan. Madrilgo underground-aren munduari erronka jo ondoren, Boat Beam nazioko pop hezeen eta aldi berean konplexu eta kezkagarrienaren erakusle bihurtu da. Nazioarteko talde honen kideek heziketa klasikoa jaso dute: Josephine Ayling australiarrak pianoa eta gitarra, Alisha Buttke iparramerikarrak biola, eta Aurora Aroca espainiarrak txeloa. Beren lehen iraupen luzeko diskoak, Puzzle Shapes (gero Paper Birds aterako zen) ezustean harrapatu zituen musikazaleak, eta harrezkero beren proposamen ausartak jarraitzaileak pilatu besterik ez du egin.
Dantza, zinema eta musika gehiago
Uztaileko hirugarren ostiralean, hilaren 16an, dantza garaikideak hartuko du musikaren txanda, Helena Golab eta Eneko Balerdi dantzarien Oina plazan izeneko proposamenarekin. Bakartsaio bana eskainiko dute, eta horretarako jendearekiko harremana funtsezkoa izango da. Ikusleen zeregina ez da begira egote hutsa izango.
Bestalde, uztailaren 23an, ostirala, aire zabaleko zinemaren txanda izango da. Aurreneko aldian bezala film laburren sorta bat da, Garbiñe Ortegak hautatua. Hautaketa helburu zehatz batekin egin da, aurreneko aldiz pelikula bat ikusteak eragiten duen lilura. Horretarako Ortegak zinema dokumentaleko, esperimentaleko eta animaziokoaren zazpi altxor ahantzi berreskuratu ditu. Saio horretan DJ Gotxi zuzenean arituko da proiekzioari lagunduz. Pelikulen artean, Segundo de Chomón-ek 1907an egindako animazioko pelikula bat (Les Kiriki, acrobates japonaises) eta Charles Chaplin-en 1916ko dokumental bat proiektatuko dira, besteak beste.
Second taldearen kontzertuarekin emango zaio bukaera Ilunabarrean programari ARTIUMen. Rock-eko boskote klasiko honek (Sean Frutos, ahotsa, Jorge Guirao, gitarra, Nando Robles, baxua, Fran Guirao, bateria eta Javi Vox, gitarra eta giltzadia) talde sendoenetakoa dela erakutsi du Estatu mailan azken hamarraldian. Lehen diskoa, Private Life, kaleratu zutenetik aurtengo Rodamos 2010 itzuliraino –Vitoria-Gasteizko kontzertua itzuli horren barruan dago– beren abestien kalitatea, eta, batez ere, beren zuzeneko emanaldien eszenaratzea hobetuz joan dira etengabe. Bi mugarri horien artean, GBOB Awards (www.gbob.com) ospetsuetan izandako arrakasta eta beste hiru disko, azkenekoa Fracciones de un segundo izenekoa.
Aurreneko aldian bezala. Programa
Ten minutes older. Herz Frank. 1973. 10 min. Dokumentala
Les Kiriki, acrobates japonaises. Segundo de Chomón. 1907. 3 min. Animazioa
Father and daughter. Michael Dudok de Wit. 2000. 8:30 min. Animazioa
Montmartre’s kids. 1916. 4 min. Dokumentala
Behind the screen. Charles Chaplin. 1916. 21 min. Dokumentala
Home stories. Mathias Muller. 1990. 6 min. Collage
Reasons to be glad. Jeff Scher. 1980. 3 min. Animazioa
Volver al listado