Berriak

Berriak

   Minimize

ARTIUM-en "Ars Itineris. Bidaia arte garaikidean" erakusketa ikusgai

uztaila 01, 2010

Xacobear Urtea 2010 ospakizunaren inguruan SECC-ek antolatu dituen kultur jardueren programa zabalaren parte da erakusketa eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan Ars itineris. Bidaia arte garaikidean erakusketa egongo da ikusgai (Ekialde-Goikoa aretoa, uztailaren 2tik irailaren 12ra). Hamazazpi artelan izango ditu, beste hainbeste artistarenak, bidaiatzearen inguruko ikuspegi batzuk eta besteak eskainiko dituztenak: bizitza bera den bidea, oroimenera egiten diren bidaia sinbolikoak, atzerriko lurretarako ibilaldiak (nahiz gogoz, nahiz behartuta)… ARTIUMen aurkezten den erakusketa Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales (SECC) delakoak Xacobear urtea 2010 dela eta antolatu duen jarduera programaren barruan dago, zazpi hiritan egingo diren erakusketak barne. Gainera, Eugenio Ampudiak egindako instalazio baten zatiak –Nubes de la memoria (PVC-zko zazpi hodei helioz beteak, irudi digitalak gordetzeko gaitasuna dutenak)–, erakusketa bakoitzetik abiatu eta Santiagorainoko bidea egingo dute, erromesek eramanda, eta bidean irudiak jasoz. Ars itineris-en ARTIUMeko aurkezpenak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Arabako Foru Aldundiaren, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta “la Caixa” Fundazioaren laguntzarekin.
Ars itineris proiektuak ehun nazioarteko artistaren 200 artelan inguru biltzen ditu aldi berean zazpi hiritan egingo diren beste hainbeste erakusketatan –Huesca, Iruña, Logroño, Oviedo, Vic, Vigo eta Vitoria-Gasteiz–. Margolanak, eskuklturak, argazkiak bideo-artea eta instalazioak bidaiaren definizioan sakontzeko, eta bidaiarien, jomugen eta tarteen arabera bidaiak har ditzakeen modu batzuetan eta besteetan.
Horren haritik, beste mundu batzuk, beste lurralde batzuk, beste jende bat ezagutzeko nahia isla dezakete artistek. Baina erakusketan, gogoz kontra, arrazoi sozialak, politikoak nahiz ekonomikoak direla medio bidaiatu behar izaten duten pertsona askoren egoeraren aipamenak ere badaude. Arrazoi ekonomikoak gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan dira XX. mendean zehar eta XXI. mendean, orain arte. Emigratzailearen eta atzerriratuaren irudiak –baina baita gure mundu globalizatu hau suntsiturik daukaten goseagatik edota gerrengatik atzerriratuarenak ere– berebiziko protagonismoa dute gure gizarte garaikidean, eta hori egungo sortzaileen interesetan ere nabari da. Era berean, beste era bateko bidaia sinbolikoagoekiko interesa ere agertzen da, esate baterako, oroimenaren bidaia, barne-bidaia edota bidaia amestua.
Zazpi erakusketa horiekin batera, José Freixanes-en eta Eugenio Ampudia-ren instalazio banak osatuko dute proiektua. Bata Vigon egingo da, eta bestea Compostelako Santiagoraino daraman bidean.
Ars itineris ARTIUMen
ARTIUMen hamazazpi artistaren lana egongo da ikusgai: Chema Alvargonzález, Manolo Bautista, Pepe Espaliú, Félix Curto, Angels Viladomiu eta Santiago Sierra, Anke Doberauer alemaniarra, Alfredo Jaar txiletarra, Zhang Huan txinatarra, Nan Goldin eta Doug Aitken iparramerikarrak, Christian Boltanski eta Michèle Barbé frantziarrak, Craigie Horsfield, Richard Long eta Jonathan Monk britainiarrak, eta Alexander Sokurov errusiarra dira artista horiek.
Richard Long-en eskultura handi bat da erakusketaren egituraren abiapuntua, Standing Stone Line izena du eta ertz zorrotzeko arbel zati multzo batek eratzen duen halako bide bat da, zeinetan ibiltzea arriskutsua izango litzatekeen. Artelan horren inguruan, Nan Goldin-en (Christine on the Train), Alfredo Jaar-en (Lagos), Craigie Horsfield-en (From Vía Layetana to East, Barcelona), Doug Aitken-en (Who’s under the Influence) Santiago Sierra-ren (20 trabajadores en la bodega de un barco), Zhang Huan-en (Pilgrimage to Santiago), Jonathan Monk-en (zortzi argazkik osatutako Waiting for Famous People argazki seriea), Manolo Bautista-ren (Meeting Point II) eta Félix Curto-ren (When the Music is Over) argazkiak daude, besteak beste.
Erakusketan argazkiak nagusi diren arren, Anke Doberauer-en lau margolan (Vier Wege zum Mont Ventoux), Christian Boltanski-ren (Reliquaire) eta Pepe Espaliú-ren (Carrying I) eskultura bana, Angels Viladomiu-ren (Wanderlust IV, paperezko itsasontziek zeharkatutako miniaturako trenbideak) eta Michèle Barbé-ren (Izenik gabe) askotariko teknika erabiliz egindako piezak, Chema Alvargonzález-en ikus-entzunezko instalazio bat eta Alexander Sokurov–en bideo bat (Elegy for a Voyage) ere badaude
Eugenio Ampudia-ren hodeiak
Ars itineris Vitoria-Gasteizen inauguratuko den egun berean –ostegunean, uztailak 1–, Nubes de la memoria (Oroimenaren hodeiak) Eugenio Ampudiak proiektu honetarako egindako instalazioa osatzen duten zazpi piezetako bat jarriko da ARTIUMen kanpoko aldean. Sei metro luzeko PVC-zko hodei bat da, formaz irregularra eta helioz betea, USBko lau sarrera, lau pen drive eta zenbait ainguratze ditu. Airean igeri egongo da inaugurazio egunetik bertatik jendeak, prozesu erraz baten bidez, pen drive horietan Santiagoko bidearekin zerikusia duten irudiak eta bideoak sartu ahal izan ditzan. 
Uztailaren 12an hodeia Compostelako Santiago aldera abiatuko da. Bidaia hori oinez egingo du, erromesen bizkarrean, eta bidearen zati bakoitzean taldea aldatuz joango da. Etapa bakoitzeko tsedenaldian hodeia aterpe batean edo jendaurrean zintzilikatuko da, hodeia bera bidean grabatuz joan den irudiak edota erromesek eta erakusketa batzuen eta besteen bisitariek grabatu eta pen drive direlakoetan sartutakoak jendeak hodeian proiektaturik ikus ditzan. Juan Manuel Artero-k (Madril, 1969) aukerarako egin duen audio batek lagunduko dio proiekzioari. Prozesu honek bidean aurrera egin ahala hodeiak elkartuz joango dira, 7 izateraino, bakoitza arte zentro batetik datorrela. Azkenean Compostelako Santiagoko Quintana plazan elkartuko dira guztiak, uztailaren 22an. Han ikus-entzunezko emanaldi bat antolatuko da: hodeietan eta Quintana plazan bidean jasotako irudi eta bideo guztiak proiektatuko dira.
Ampudiaren uestez «hodeiak ez dira forma hutsak. Gizakiaren begirada daramate barruan. Etengabeko egite eta desegitean, aldatze eta birsortzean, ametsak, irudipenak eta oroitzapneak dakartzate. Noizbait, norbaitek, tokiren batean zeru hodeitsura begirak goratu eta hodei bat aukeratu zuen begirada han pausatzeko. Hodeiek oroimena dute. Erabateko oroimena, begiratzen duenaren irudimenarekin eraldatzeko duen gaitasun agortezinak eratua. Hodei bakar batek irudi guztiak dauzka bere baitan. Hodeiek informazioa garraiatzen dute, bidaiatu ahala aldatuz. Igarotzean gure pentsamenduaren irudia berekin eraman zuen hodei hartatik beste hau geratzen da, zuena jasojasotzen duena».

Ars itineris-en egoitzak
Nafarroako Museoa, Iruña. Ekainaren 30etik urriaren 10era
ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, Vitoria-Gasteiz. Uztailaren 2tik irailaren 12ra
Museo de Huesca. Uztailaren 2tik urriaren 10era
Sala Banco Herrero, Oviedo. Uztailaren 7tik abuztuaren 31ra
Museu de l’Art de la Pell ciudad de Vic. Uztailaren 9tik irailaren 26ra
Museo do Mar, Vigo. Uztailaren 5etik urriaren 10era
Sala Amós Salvador, Logroño. Uztailaren 13tik urriaren 3ra

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |