ARTIUM-ek bere orria berritu du Interneten eta gizarte sareetan duen parte hartzea handitu du
uztaila 13, 2010
Gasteiztar zentro-museoaren web gune berriak informazioa emateko beste egitura bat du, eta gizarte sareetan parte-hartze handiagoa
ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak bere web orria (www.artium.org) berritu du edukietara iristea errazagoa izan dadin eta Interneteko gizarte sareetan hobeto integratuta egoteko. Plan Estrategikoan aipatzen den Work in progress edo «etengabeko mugimenduan eta bilakaeran egote»-aren kontzeptuari jarraituz, ARTIUMek proposamen berri honetarako edukiak kudeatzeko sistema bat aukeratu du, eta horrela malgutasun handiagoz erantzun ahal izango die zentro-museoak berezkoa duen bizitasunari eta honek garatuko dituen programa eta ekimen berriei. Bestalde, ARTIUMek gizarte sareetan duen presentzia asko indartu da azken urtean, bai loturak sortzeko helburua dutenetan (Facebook eta Twitter, esate baterako) eta baita ezagutza partekatzeko xedea dutenetan ere (Issuu, SlideShare).
ARTIUMen web berriaren berrikuntzetako bat, orrialde nagusi txit bizia da, non zentro-museoaren beharren eta programazioaren arabera edukiak erabat egunera daitezkeen. Orrialde horretan gaurkotasun handiena duten erakusketa eta jarduerei, zentro-museoak eragindako albiste berrienen izenburuei eta Museoak parte hartzen duen gizarte sare nagusiei eskainitako gune bat egongo da. Beste berrikuntza batzuk: erabiltzaileak parte hartzen duen gizarte sareetan web guneari buruzko informazioa zabaltzeko aukera eta RSS bidez azken ordukoen harpidetza egitekoa.
Edukien antolakuntzari dagokionez, ARTIUMen gune berriak sartzeko era intuitiboagoa eskaintzen dio erabiltzaileari informazio praktikoa eskuratzeko –ordutegiak, sartzeko arauak, irudiak, argitalpenak…– eta erakusketa berri eta zaharrei, Bildumari, Liburutegiaren zerbitzu eta jarduerei eta Hezkuntza Sailaren ekimenei buruzko datuak ezagutzeko modu errazagoa. Oso eskuraerraza gertatzen da ARTIUM Fundazioari eta Kide Elkartuen eta Kide Korporatiboen programei buruzko informazioa ere. Bestalde, komunikazioko atal berri bat sortu da, eta bertan dagoen prentsa bulego birtualak multimedia zerbitzua emango die komunikabideei.
Etengabeko bilakaeraren arauari leial, ARTIUM bi proiektu berri ari da prestatzen bere web gunerako. Lehendabizikoak museoaren dendako salerosgaiak, katalogoak barne, online erosteko aukera emango du. Bigarrena, berriz, telebista kate bat da, hitzaldiak eta beste jarduera batzuk zuzenean, eta zentro-museoak ekoitzitako bideo eta bestelako ikus-entzunezkoak modu geroratuan hedatzeko aukera emango duena.
Gizarte sareak
Ezaugarri nabarmenenetakoa web gune berriak Interneteko gizarte sareekin duen lotura da. Izan ere, azken urte honetan ARTIUMek asko handitu du sare hauetan duen parte hartzea, ez baita han egote huts bat, komunikaziorako eta harremanetarako aukera bikaina baizik. Ildo horretatik, ARTIUMek bi eratako gizarte saretan parte hartzen du: batzuen helburua loturak sortzea eta haien bidez informazioa zabaltzea da eta besteena, ezagutza partekatzea.
Lehendabizikoen artean, ARTIUMek presentzia nabarmena du Facebook-en, urtebete eskasean ia 2.500 jarraitzaile lortu baititu. Twitter-en, berriz, 500 jarraitzaile baino gehiago ditu. Zentro-museoak parte hartze bizia du Flickr argazki sarean (2.000 argazki baino gehiagorekin) eta Youtube bideo atarian ere (50 bideo baino gehiago: erakusketen bisitaldi gidatuak, kontzertuak eta ARTIUMen egin diren bestelako emanaldiak).
Bestalde, ARTIUMek garrantzi handia ematen die ezagutza partekatzeko xedea duten atariei. Zentro-museoa Issuu izenekoan dago, eta bertan, zenbait artista eta idazleri, zinemari eta antzerkiari eskainitako 102 txosten argitaratu ditu, besteak beste. Aurkezpenak partekatzeko den SlideShare-n kanal bat du, eta beste bat Delicious-en, web orrietarako loturak antolatzen dituen eta partekatzeko aukera ematen duen gunean. Oraingoz intereseko ia 200 helbide ditu, kultura eta arte garakidearekin lotuak. Azkenik, liburuetan espezializatua dagoen LibraryThing sarean ere tokia du ARTIUMek, eta bertan liburuei buruzko 200 berri labur baino gehiago argitaratu ditu, tartean baita zentro-museoak berak inprimarazitakoei buruzkoak ere.
Azkenik, ARTIUMek bizirik eusten dio bere blogari, BlogARTIUM izenekoa. Blog horretan zentro-museoaren jarduerei eta, oro har, arte eta kultura garaikideei buruzko gogoeta sakonagoek dute tokia.
Volver al listado