Bisitarien koadernoak

2009an argitaratu zen lehen ohar-koadernoa. Museoa bisitatzera zetorren bisitariarengan gogoeta eta esperientzia berriak ernarazteko ARTIUMEK agertutako nahiak ekimen berri bati eman zion bidea: bisitariari euskarri sinple bat ematea proposatu zen, museoa bisitatu ahala egindako gogoetak jaso eta oharrak hartu ahal izan zitzan.

Denborarekin, baina, objektu txiki horrek berezko nortasuna hartu du. Museoan bertan, gutako batzuk eguneroko lanean erabiltzen dugu, eta bisitari askok bilduma ere egiten dute.

Lehen unetik bertatik inguruko artistekin lankidetzan aritzea pentsatu genuen, koadernoa erakargarriagoa egiteko, batetik, eta artistei beren lanaren beste ikuspegi bat aurkeztu ahal izateko plataforma bat eskaintzeko, bestetik. Hala, urte honen bukaerarako 33 artistak parte hartu izango dute ohar-koadernoan, beren marrazki, collage edo argazkien bidez. Bere formatu eta izaeragatik, proiektu honek gogoetatik hurbil dagoen lan bat egitera gonbidatzen du, ideia bat −artistaren ohiko lanaren ikuspegi desberdin bat izan ohi da askotan− finkatzera.  

2009

2009an, kuatrikomian inprimatutako txuri-beltzeko marrazkigintza proposatu zen teknika gisa, ñabardura guztiak gorde ahal izateko, argumentu-ideia batetik beretik abiatuta: artea eta haren parte-hartzailea. Azken kontzeptu horrek gu guztiok hartzen gaitu barnean, ikusle, konkomitante, leihakide… gisa.…
Ikus 2009ko koadernoak

2010

2010. urterako eginiko proposamenean, museoen nazioarteko egunaren goiburua erabili zen argumentu-hari gisa: Gizarte harmoniarako museoak.

Argazki collagea erabili zen, teknika horren kontzepzio zabal batean, 12 proposamen horiei halako koherentzia formal bat emateko. Parte hartu zuten hamabi artistek, aurreko urtean bezala, lotura geografiko estua zuten Arabarekin.
Ikus 2010eko koadernoak

2011

2011. urte honetarako, berriz, aldaketa batzuk egin dira egileak hautatzeko prozesuan, proiektuaren filosofian eragina izateko asmoz. Horretarako, komisario bat gonbidatu da bai gaia bai hamabi egileak proiektu komun baten inguruan aukeratzera, eta horren guztiaren emaitza komisario-proiektu txiki bat izan da.

Haizea Barcenillak, horretarako, «oroitzapena»-ren kontzeptuari buruzko testu bat proposatu digu, hilabeteka banatuta: bizitako zatia, imajinatutako zatia, eta gure desioen proiekzioa den zatia.

Hamabi ohar-koaderno horien ondoren, hamahirugarren bat argitaratuko da, haiek gorde ahal izateko euskarri txiki bat eta guzti. Azken koadernoan komisarioaren proposamena jasoko da, komisarioak berak, hilero-hilero, argumentu-hari gisa proposatutako testuarekin batera. Proiektu honetan parte hartu duten artistei buruzko beste datu batzuk, edota, gaurtik koadernoa inprimatzen den egunera bitartean, esperientzia honi edo museoari buruz bururatzen zaizkizuen gogoetak ere sartu ahal izango dira. 
Ikus 2011ko koadernoak

2012

Artiumek 2012an egindako hamabi koadernoko bilduman 2012 Egia muturrean dago proiektuaren baitan egindako erakusketako eta lantegiko parte-hartzaileen lana jaso da.

Proposamen kuratorial haren abiapuntua Pasolinik hil aurre hartan egindako galdera da: “izan al daiteke eskatologiarik politikarik gabe?”. Koaderno-multzo honen bidez galdera horri erantzuteko ahalegina egin da hamabi
erantzun posible emanez, eta bakoitza, ezinbestez, partziala eta, arrazoizkoa den moduan, ezberdina da. Komisarioa Valentín Roma da.
Ikus 2012ko koadernoak

2013

Baikortasun kritikorako hamabi koaderno. Komisarioa: Simeón Saiz Ruiz.

Gure proiektuak irudi bidez adierazi nahi ditu gertakizun politikoren batean edo gertakizun politikoren batengatik poza adierazi duten gaur egungo gizon-emakumeen ekintzak. Poz horrek esan nahi du egoera larrietan ere gizabanakoa gizaki bat dela.

Artistak: José Ramón Amondarain, Claire Angelini, Monika Anselment, Amalia Barboza, Chema Cobo, Federico Guzmán, Gisele Ribeiro, María Ruotsala, Belén Sánchez Albarrán, Rafael Sánchez-Mateo Paniagua, Marek Szymañski, Carlos Vidal.
Ikus 2013ko koadernoak

Share |